“Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalak Erasmus+ programaren akreditazioa lortu du. Egiaztapena kontserbatorioak egin ditzakeen Europako eta nazioarteko lankidetza-jardueren kalitatearen aitorpena da. Kontserbatorioak kalitate handiko mugikortasunak antolatzeko beharrezkoak diren prozesuak eta egiturak dituela bermatzen du, ikasleentzat eta langileentzat esperientzia hobea ziurtatuz. Kontzesio hori erakunde gutxi batzuek lortzen dute Espainian. Azaroaren 29an Lilleko (Frantzia) Kontserbatoriora joango dira 5. eta 6. mailako Brass Bandeko 19 ikasle, Iñaki Rodriguez zuzendaria eta Leyre Puignau Erasmus+ taldeko koordinatzailea. Lillera bidaia ez da soilik ikasleek beren horizonte artistikoak zabaltzeko aukera izango, Europako hainbat herrialdetako hezkuntza-erakundeen arteko loturak ere indartuko ditu, musikaren bidez elkarlana eta elkar ulertzea sustatuz. Ikasturte honetan 5 irakasle joango dira Europako erakundeetara prestakuntza jasotzeko, 50 ikaslek Frantzia, Alemania, Austria, Belgika, Holanda eta Italiako erakundeak bisitatuko dituzte eta gonbidatutako 3 adituk “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalean emango dituzte eskolak. Datozen hiru urteetarako programatutako mugikortasunak ere Erasmus+ programaren Europako kofinantzaketari esker garatuko dira. Kontserbatorioak ezarritako helburuak honako hauek dira: orkestra- eta ahots-instrumentuen bidez musika-interpretazioa irakasteko metodo europar berritzaileak ezagutzea, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, komunikazioan eta ikastetxearen funtzionamenduan IKTen erabilera areagotzea, espazio sortzaileak, berritzaileak, inklusiboak, integratzaileak eta iraunkorrak sortzen dituzten hezkuntza-jarduerak egitea, eta ikasleei eta irakasleei aukera berriak ematea Europako hezkuntza-erakundeen eskutik. “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorioak, bere eremuko erreferentziazko ikastetxe gisa aitortua, konpromiso sendoa du bere hezkuntza proiektua garatzen eta indartzen jarraitzeko. Horregatik, bikaintasun akademiko eta artistikoa bultzatzen duten ekimenak lantzen eta garatzen jarraitzearen aldeko apustua egiten du.
You are here: Home / Berriak / “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalak Erasmus+ akreditazioa lortu du eta lehenengo mugikortasuna iragarri du.