Nafarroako Eskola Kontseiluak irizpen bat onetsi du eskola jardunaldia arautuko duen foru aginduaren proiektuari buruz. Foru agindu horrek, zehazki, arautuko ditu Nafarroako ikastetxeetako jardunaldi motak, lehentasuna emanez ikasleen eta haien familien (edo legezko ordezkarien) interesei, premiei eta ezaugarriei.
Azaroaren 6ko arratsaldean egindako osoko bilkuran, kontseiluak Hezkuntza Departamentuaren testua bozkatu du, eta aldeko 14 botorekin, aurkako 4 botorekin (irakasleen sindikatuenak) eta abstentzio batekin, berretsi egin du. Testuak, azterketa eta eztabaida prozesu luze baten ondoren, itxi egiten du ikastetxeetan jardunaldi jarraitu edo malguekin izandako fase esperimentala, eta azpimarratzen du 2024-2025 ikasturtean eskola jardunaldi zatitua izanen dutela ikastetxe guztiek. Hala, 2024-2025 ikasturtean bestelako eskola jardunaldi modalitate bat ezarri nahi duten ikastetxeek parte hartu beharko dute Hezkuntza Departamentuak ikasturte horretarako jardunaldia aukeratzeko aterako duen deialdian. Deialdi hori ebazpen bidez emanen da 2023-2024 ikasturtean zehar.
Hezkuntza komunitatearen gehiengo zabal batek, Nafarroako Eskola Kontseiluan dituen ordezkarien bitartez, babestu egin du Hezkuntza Departamentuak aurkeztutako testua, eta aldeko irizpena eman dio eskola jardunaldiari buruzko foru aginduaren proiektu horri. Kontseiluan dauden guraso federazio guztiek adierazi dute aldekotasuna. Azkenean onetsitako irizpenean nabarmentzeko moduko alegazioak jaso dira, eta curriculum-saioek astean zehar izan beharreko banaketa ezarri du, arrazoi pedagogikoak kontuan hartuta. Araudi berriak ezartzen du ikastetxeek ikasleei arratsaldeko ordutegian arreta emateko jarduerak eskaini behar dituztela. Jarduera horiek borondatezkoak izanen dira ikasleentzat, irakasleek emanen dituzte eta ikastetxe publikoetako irakasleentzat eskola-ordutegikotzat hartuko dira.
Era berean, irizpenak, familiek bozketetan parte har dezaten laguntze aldera, zehazten du Hezkuntza Departamentuak bozketarako eskubidea erabiltzea erraztuko duten prozedurak ezarriko dituela, prozedura telematikoak barne.
Eskola jardunaldia erabakitzeko eginen diren bozketetan zenbateko gehiengoa beharko den ez du aldatu onetsitako foru aginduak; ulertzen da eskola jardunaldia aldatzeak eragin berezia duela hezkuntza komunitatean, eta, gai horietarako, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen du gehiengo kualifikatuz hartu behar direla halako erabakiak. Gai horren gainean egin ziren XXVlll Jardunaldiak: Eskola jardunaldia.Hemen Hausnarketak eta Datuak, eta jardunaldi horietako ponentzietan oinarrituta, monografia bat eta IDEA 56 aldizkaria ere argitaratu dira. 2023/11/13an, El País egunkarian gai hau jaso zuten, eta Nafarroako Eskola Kontseiluko buru Manuel Martín Iglesias jaunari egindako elkarrizketa bat argitaratu zuten. Hemen irakur dezakezu albistea.
Sarrera hau egin daiteke: Espainiera