OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak egindako Students, Computers and Learning: Making the Connection txostenean (Ikasleak, ordenagailuak eta ikasketa: elkar konektatzen) bi ondorio nagusi islatzen dira. Alde batetik, ikasgeletan ordenagailuak erabiliz, berez, ikasleek ez dutela erdiesten ez gaitasun gehiago eta ez emaitza hoberik. Bestetik, gehiegizko erabilerak ikasleen errendimendua okertzen duela.
Ikerketa hori egiteko 2012an 31 herrialdetan 15 urtetik beherako ikasleei egindako azterketak erabili zituzten. Bi alor ebaluatu zituzten: irakurketa teknologikoa eta problemak sarean ebaztea. Singapur, Hego Korea, Hong Kong eta Japonia dira emaitzarik onenak atera dituzten herriek, eta hauek dira eskolan Internet erabiltzen ez duten ikasle kopuru handiena dutenak
Adituek ez dute uste Internet denik arazoa. Egotekotan, arazoa metodologian egonen litzateke. «Oinarrian dagoena da teknologiak balio erantsia eskain dezakeen prozesu kognitiboak piztea» dio Gabriel Rubiok, Nafarroako Hezkuntza Teknologietako atalburua. Honekin lotuta, Nafarroan martxan jarri den proiektu bat Codigo 21 da. Lehen eta bigarren hezkuntzako curriculumean programazio trebetasunak sartu dituzte, eta horiek lantzeko proiektua da. Teknologia «sormenerako» erabiltzen dute ikasleek horrela. Iaz hasi ziren horrekin, eta 90 zentrok parte hartu zuten. Orotara, 300 dira Nafarroan; beraz, lan horretan segitu behar dela nabarmendu du Rubiok. «Azken helburua da irakasle eta ikasleen konpetentzia digitalak bermatzea eta zentroaren heldutasun digitala lortzea».
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan IKT heldutasuneko mailak egiaztatzeko ziurtagiriak eta zigiluak ezarri dira. Eredu horrek hiru maila ditu: oinarrizkoa, IKTetan trebatu eta erabileran hasteko; tartekoa, ikasgelak digitalizatzeko; eta aurreratua, ikastetxeak birtualizatzeko. Ikastetxe bakoitzak aukera du nahi duen maila ezartzeko, eta, bi urterik behin, haien burua ebalua dezakete, heldutasun maila zehazteko.
Ikastolen elkartean ere landu dute IKT gaia, helburua ongi zehaztuz: irteera profila finkaturik dute, ikasleak behar dituen konpetentziak azaltzen dituena, digitalak barne. Lehen eta bigarren hezkuntzetan sakondu dute batez ere, baina haur hezkuntzan ere materialak prestatu dituzte.
Hemen klik egin berri osoa irakurtzeko.
Berrian argitaratua, 2015eko irailaren 26an.
Sarrera hau egin daiteke: Espainiera