Hezkuntza funtsezko giza eskubidea izateaz gain, gaitzen gaituen eskubidea ere bada, eta zuzenean eragiten die gainerako giza eskubideen erabilerari. Mundu mailako ondasun amankomuna da, eta aurrera egiteko bultzatzaile gailena, gizarte baketsu, bidezko, berdintasunezko eta inklusiboen giltzarria baita. Hezkuntza-sistemak errausten direnean, ezinezkoa da gizarte oparo eta produktiboei eustea, eta ezin zaio bakeari eutsi.
Ikasturtea modu eredugarrian igaro eta amaitu zen, hezitzaileei, ikasleei, familiei eta irakasle ez diren langileei esker, eta, esan beharra dago, Hezkuntza Departamentuaren lan onari esker, aurrez aurreko hezkuntza aldeztu eta antolatu baitzuen iazko irailean, horrek ameskeria zirudienean. Ikasturtearen bilakaeran funtsezkoak izan ziren kontingentzia plana, ikastetxeen egokitzapenak, ikastetxeen etengabeko lana eta Hezkuntzaren Covid Batzordearen bidez etengabe egin zen berrikuspen-lana, hezkuntza-komunitate osoaren partaidetza eta konpromisoa bildu zituena. Ia bi urte joan dira lanez beterik, hezkuntza-aurrerapen handiez, eta, orobat, halako ziurgabetasun batez beterik, eta, bidean, errealitate, distantzia, maskara eta egutegi berrietara egokitu beharra etorri da: haien ondorioz, ezin izan da beti hezkuntza-metodologiarik onena baliatu, baina segurtasuna bermatu da, baita ikasgeletan jardutea eta horrek zekarren ekitatea ere; hortaz, irakasle, familia, ikasle eta gainerakoak gero eta lasaiago egon dira, ikasgelak gune seguruak izan dira eta. Irailean ezarritako xedeak bete ziren, baita gainditu ere, askoren pozerako. Urte akademiko berri honetarako, uste dugu sosegu handiagoa eta ziurgabetasun txikiagoa izanen dugula, departamentuak konfiantza sortzen duelako, orain arte eginiko lanagatik, eta irakasleek, familiek, ikasleek eta irakasle ez diren langileek osasun-arau eta -egoerak ezagutzen dituztelako, baita txertaketa-kanpainak aurrera egin duelako ere, eta horrek ikasturtea seguruago joanen dela pentsatzeko konfiantza handitzen duelako.
Nafarroako Eskola Kontseiluan adostasun txalogarri batez onartu zen Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituen Dekretuari buruzko irizpena. Urrats hori oso garrantzitsua eta erabakigarria izanen da, eta, haren ondorioz, etorkizunean ikastetxeen artean egoki eta orekaz banatuko dira hezkuntza-laguntzako berariazko premia duten ikasleak. Pandemia oztopo handia izaten ari da, eta, aldi berean, erronka, baina ez du lana geldiarazi, eta ez ditu eten legegintzaldiaren hasieran ezarritako asmoak. Bi ikasturte zail-zail hauek frogatzen dute ez dagoela aitzakiarik arazoei ez heltzeko: aurre egiten ahal zaie beti, baldin eta badakigu zer nahi dugun eta lana ongi egiten bada. Nahi nuke etorkizunerako oinarri izan daitezen.
Nabarmentzekoa da ikastetxe eta institutuek 2021-2022 ikasturtean beteko duten protokoloa: aurreko ikasturteko antzeko neurriak dauzka, baina aldatu dira jolastokietan hamaiketakoa hartzeari eta jolasteari buruzkoak, eta Gorputz Hezkuntzako ikasgaiari dagozkionak. Bestetik, zehaztu da zein den ikastetxeek ikasgeletan erabili beharreko aireztatze-sistema eta bakoitzak CO2 neurgailu bat izanen duela. Lehen egun presentzialetik aitzina, ikastetxe eta institutuek ordutegi jarraitua izanen dute eta hezkuntza-antolamendua normaltasun berritik hurbilago egonen da. Hortaz, eskolaz kanpoko jarduerak eskainiko dira Nafarroako sare publiko eta itunduetako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan. Eguberrien ondotik, baimena eman liteke ikastetxeak COVID-19a etorri aurreko eskolaldira itzultzeko, egoera epidemiologikoa zein den. Ez da burugabea pentsatzea irailean hastea ikasturtea ekainean amaitu zen modu berean: segurura jo beharra dugu. Horrek funtzionatu egin du, eta osasun-egoerak ahalbidetzen badu, aukera egonen da ordutegiak, eskolaldiak eta metodologiak pixkanaka leheneratzeko. Segurtasunak eta aurrez aurre jarduteak, lehentasuna behar dute biek. Eskolaz kanpoko jarduerek kontziliatzeko bidea ematen diete familiei, baina, eskolaldi zatitua ez bezala, derrigorrezkoak ez direnez, jantokia malgutasunez erabili ahal da, eta helburu horretarako ere baliatu. Litekeena da norbaitek fokua eskolaldira bideratzea, baina gure hezkuntza-sistema sendotzen duten neurri eraginkorrak luzatzean datza indargunea, hots, haur-hezkuntzako ratioei eustea, eta COVID-19agatik ezarritako irakasleen errefortzua; ez dira ameskeriak, gainerako erkidegoetan alboratu egiten baitira. Nafarroak dauka ikasleen eta irakasleen arteko proportziorik onena (irakasle bat hamar ikasleko baino ratio txikiagoa), hezkuntza inklusiorako programei, irakaskuntza partekatuari, banaketak egiteko errefortzu- eta laguntza-neurriei eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetarako laguntzei loturikoa.
Komeniko litzateke eskolaldi jarraitua arautzen duen egungo araudiari buruz hausnartzea. Haren gabeziek ondoeza sortzen diete familiei. Hausnartze-lan horretan, bi urte hauetan landu den bezala, familien laguntzak izugarri kohesionatuko du hezkuntza-sistema.
Atzerriko hizkuntzak ikasteko curriculum- eta antolamendu-egitura bat diseinatu eta garatzea, horra 2015etik egiteko dagoen beste lan bat. Programak garatzeko alderdi orokorrak normaldu behar dira (IIP, AIP, FIP…): Plantillak, ikastetxeen antolaketa, irakasleen kidegoan sartzeko eta lanpostuak betetzeko baldintzak.
Hezkuntza ezinbesteko utopia da, konpromisoa da, ilusioa da, ekitatea, gogo bizia, buru-belarri aritzea, ardura da, beste ikaskidearen dibertsitatea errespetatzea da. Ez dugu ahaztu behar onura handiak dakartzala ikasleen arteko tolerantziak, talde-lanean aritzeak eta adimen emozionala sustatzeak. “Jokabide-laguntza positiboari eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeei” buruzko XXV. Jardunaldiak horren adibide izan ziren. Hezkuntza Bereziko ikastetxeek lan handia egin zuten eta parte-hartzea arrakastatsua izan zen. Nafarroako Eskola Kontseiluak Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Parlamentuaren laguntza ezin baliotsuagoa izan zuen.
Bizi izandako une zailek gure hezkuntza-ereduari buruz hausnartzeko ere balio behar dute. Joan den ikasturteko garai hauetan, azpimarratu nuen ezinbestekoa dela sakon aztertzea nola aldatu behar den etorkizuna eraikitzeko oinarri izanen den kontakizuna bai antolakuntzaren alorrean eta bai alor pedagogikoan. Lehen arrazoibideak -eta, haren atzetik, beste askoz gehiago behar ditugu, jakina-, oinarrizko hiru ardatz hauetara darama irakaskuntza-ikaskuntza prozesuei buruzko gogoeta: zer irakasten dugun edo zer irakatsi beharko genukeen; nola irakasten dugun eta gure ustez are garrantzitsuagoa den hau: zertarako irakatsi edo zein den gure hezkuntzaren helburu zehatza. Alde batera utzi behar da ebaluazio akademiko soila helburu duen eredua (emaitzak erdiestea, edukiak metatzea eta edukiak buruz ikastea), eta beste eredu baterantz abiatu, ikasleek ikastetxean gaitasunak ikasi eta trebetasunak eskura ditzaten, eta bitarteko sozial eta pertsonaletan gaitu daitezen, bizitzaren zoritxarrei aurre egiteko gauza izateko.
Beharrezkoa da abagune hau baliatzea ikaskuntzaren arloko krisiari heltzeko modu berriak aurkitzeko, baita gauzatzeko zailak edo ezinezkoak ziruditen irtenbideak emateko ere. Hurrengo ekintzak gure ahaleginen lehen abiapuntuak izan daitezke: ikaskuntzari dagozkion galerei erantzutea eta eskola-uztea prebenitzea, batez ere talde baztertuetako kideena; enplegagarritasun-programetarako gaitasunak ematea; irakasleen lanbideari eta irakasleen prestakuntzari laguntzea; hezkuntzarako eskubidearen definizioa zabaltzea konektagarritasuna barneratu dezan; konektagarritasunari oztopoak kentzea; ikaskuntzaren datuak eta jarraipena indartzea; eta artikulazioa eta malgutasuna indartzea hezkuntza- eta prestakuntza-mailen eta -moten artean , litekeena baita etxeetako ondorio ekonomikoek desberdinkeriak handitzea eskola-errendimenduan.
Horrenbestez, funtsezkoa da hezkuntzaren finantzaketa handitzea eta babestea, eta emaitzak lortzeko elkarrekin koordinatzea, ekintza hauek baliatuz, besteak beste: barne-baliabideak mobilizatzea, hezkuntzarako gastuaren proportzioa mantentzea eta are pixkanaka handitzea, funtsezko lehentasuntzat harturik, eta gastuan eraginkortasunik ez dagoela atzemanez gero, horri heltzea.
Epe ertainerako beste helburu bat izan behar da hezkuntza-sistema erresiliente bat sortzea, garapen jasangarria eta bidezkoa lortzeko. Ekitatea eta inklusioa azpimarratu behar dira, eta sistemaren maila guztietan arriskua kudeatzeko gaitasunak indartu, koordinazio eta lidergo sendoa ziurtatu eta kontsulta- eta komunikazio-mekanismoak bultzatu ere bai.
Hasi naizen moduan amaitu nahiko nuke: berriro esanez hezkuntzak funtsezko eginkizuna duela gure gizartean. Pertsonak hezteko tokia da, lagunduz horrela gizarte-egitura prestatuago bat ehuntzen, gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldien motor ekonomikoa izanen dena. Baina, hortik haratago, merkatuak eta familien errentek sortzen dituzten gizarte-desberdinkeriak zuzentzeko leku nagusietako bat ere bada, eta orobat, laguntzen du berdintasuna, bizikidetza, justizia eta gisako balioetan trebaturiko jendea hezten, eta hori giltzarria da gizarte kohesionatu bat lortzeko. Hortaz, haren egitekoa prestakuntzaz haratago doa, eta balioak ere ematen dizkio berdintasun- eta justizia-baldintzetan bizi den gizarte bidezko eta demokratiko bati.
Manuel Martín Iglesias
Presidente – Lehendakaria
Sarrera hau egin daiteke: Espainiera