Gaur egun puri-purian dugun Covid-19aren osasun krisiak hezkuntzan ondorio itzulezinak utz ditzake.

Ez dakigu zer gertatuko den datozen urteetan, ezta datozen asteetan ere, bizi garen mundu honek ziztu bizian ihes egiten baitigu eskuetatik hain baita ziurgabea, arriskutsua eta arina (Bauman, 2006). Hala ere, gure historia garaikidea zeharkatzen duten zenbait muga eta aukeraren gainean pentsatu behar dugu, haiek proiektatu, aztertu, eztabaidatu eta hausnartu. Hala, Covid-19a ez da soilik gertaera mediko-sanitario bat, inpaktu ekonomiko, sozial, mediatiko eta politiko handiko errealitate poliedriko bat ere bada, ahaztu gabe, jakina, inpaktua hezkuntzan.
Zalaparta batean hasi gara denok erabiltzen urruneko irakaskuntza –larrialdietarako urruneko irakaskuntza moduan definitua Bozkurtek eta Sharmak, 2020an– eta horrek hezkuntza sistemetan kontraesanak agerian utzi ditu, agerikoenak, ezbairik gabe, bazterketa sozialerako arrisku handia duten ingurune sozialetako “konplexutasun handiko eskola” deitutakoetan, zeinetan berretsi baita eten soziala, berez zaila den irakaskuntzaren digitalizazioan oztopo gehiago jarriz eta, orobat, hezkuntzarako eskubidea bera ezbaian jarriz. Etena arlo batean baino gehiagotan gertatu da: ekipamendu teknologikoan (wifirik eta ordenagailurik gabeko etxebizitzak edo bizikide guztiek partekatutako ordenagailu bakarra dutenak, familia osorako datu-plan eskaseko gailu mugikor bakarra dutenak); etxebizitzan (etxebizitza desegokia izatea espazio ezagatik, masifikazioagatik edo intimitate ezagatik); hezkuntzan (gurasoek ezagutza kultural eskasa izatea hezkuntza formalean eta/edo baliabide digitaletan) eta hizkuntzan (zenbait familiak eskolako komunikazio-hizkuntza ez ezagutzea, eta maisu-maistrekin eta irakasleekin komunikatzeko zailtasunak izatea). Ahots askok alarma piztu dute; eskolarekin lotura luzerako galtzeko arriskua dugu, eta, beharbada, gainera, behin betirako.
Onartzen dut: ez da erraza halako agertoki baterako prestatzea, kontuan izanik agertoki hori egunero aldatzen ari dela eta ikastetxeak martxotik hona itxita ditugula. Ziurgabetasun handiko egoera batean bizi gara gizarte moduan eta hori bera gertatzen da eskolan ere. Begien bistakoa da ez dagoela “arriskurik gabeko egoerarik”. Hala ere, zorrotz berresten dut ikasleek eskolara itzuli behar dutela. Uste dut horretan denok ados gaudela. Kontua da nola itzuliko garen, eskola ez baita eta ez baita izanen arriskurik gabeko eremua; hondartzak ere ez dira. Une honetan dudan kezkarik handiena da erantzun bateraturik ez bilatzea, batzuek besteei errua botatzea eta, orobat, gai ez izatea onartzeko larrialdi egoeran gaudela eta denok gure aldetiko lana ere egin behar dugula.
Erreparatu diot Hezkuntza Departamentua askotariko sektoreekin izaten ari den elkarrizketari eta horien artean sartzen dut Eskola Kontseilu hau, zeinaren buru bainaiz. Guk ere egin ditugu ekarpenak, hala nola Ikastetxeetara berriz itzultzeko plana eta Nafarroako hezkuntza suspertzeko 2020-2023rako oinarrien agiria, den-denak aho batez onartuak. Esan beharra dut Ikastetxeetara berriz itzultzeko planeko ekarpenetako asko Kontingentzia Planean bildu direla. Bestalde, badut zuzendari elkarteen, CERMINen eta guraso mahaiaren ekarpenen berri (mahai horretan egon naiz eta ikusi dut nola tratatu diren bertan proposamenak, esaterako, Herrikoak jantoki zerbitzua II. fasean txertatzeko egindakoa). Esan dezaket, arrazoizkoak izateaz gainera, eskaera horiek Kontingentzia Plana osatzen, eguneratzen eta dinamikoagoa egiten dutela eta, horrenbestez, azpimarratu nahi dut plan bat garrantzitsua dela dokumentu bizia bada. Ez nator bat sindikatuek baliabide eta kontratazio gehiago egiteko egin dituzten erreklamazioekin. Afera ez da konpontzen irakasle gehiago izatearekin, baldin eta lehenago egiten zuten berbera egin behar badute aurrerantzean. Desberdin jokatu behar dugu (eremuak, ordutegiak, denborak, ikaskuntzak…). Lehenik, ikastetxe bakoitzaren baliabideak oso ongi kudeatu behar ditugu eta beharrezkoak diren gauzak modu arrazoituan eskatu gero. Baliabideak izan baditugu; kontua da haiek antolatzea eta erabiltzea. Eta, gero, baliabide gehiago beharko ditugu (Departamentuak esan du 666 irakasle gehiago izanen direla, eta garbiketa zerbitzuan kontratazioak eginen direla, alboan utzi gabe hornidura teknologiko garrantzitsuak).
Neurri positibotzat ditut bermezko hezkuntza presentziala ziurtatzen dutenak eta, horrenbestez, ez dago aukera askoz ere gehiago eskura (antzekoak dira Danimarkan, Alemanian… egin dituzten proposamenak eta estatuko zenbait autonomiatakoak). Azpimarratzekoa da, estatuan, Nafarroa izan zela plana aurkeztu zuen lehen autonomia erkidegoa, ekainean edo, eta hori baliatu dela ikastetxeak antolatzerakoan. Zentzuzkoa da oso “harremanak ikasgela barrenera mugatzea” positibo bat izanez gero ikasle guztiak etxera ez igortzeko. Baina argi dago burbuila taldeak eraginkorrak izanen direla baldin eta gizartean “harreman-talde txikiak, burbuila txikiak” badaude, betiere birusari talde berrietara hedatzeko bideak itxiz. Birusarekin bizitzea saihestezina da, eta harekin batera nola bizi garen denon kontua da, zurea eta nirea. Herritar bakoitzak konpromisoa hartu behar du, bai bere osasuna zaintzeko, bai inguruan dituenei gaitza ez transmititzeko. “Prebentzioan eman beharreko aurrerapauso horrek” esan nahi du haurrak ezin direla jostatu elkarrekin toki publikoetan, helduek talde murritzetan ibili behar dutela eta zenbat jenderekin egoten diren ere kontrolatu behar dutela. Hauxe da gakoa: harreman-talde txikiak, burbuila txikiak egitea, zeinetan elkarrekin bizi eta gozatuko garen, beste talde eta pertsona batzuetara ez hedatzeko aukerarik gabe utziz birusa. Arrazoizkoa eta zentzuduna da, halaber, PCR probak ez egitea irakaskuntzako langile guztiei. Bai, beharbada, transmisio-arrisku handiagoko pertsona kalteberei test serologikoak egitea, baita laginketak ere, Osasun Publikoaren irizpideen arabera. Horretaz gainera, ikastetxeek bide zuzenak behar dituzte beren eremuko osasun etxeetako oinarrizko osasun laguntzako profesionalekin koordinatzeko. Ahalik eta seguruen sentitu behar dugu, segurtasun horrek zuzeneko eragina baitu hezkuntzaren kalitatean.
Ikasturte hasiera honetan ikasleek “bereziki” izan behar dute “harrera pertsonala eta arreta emozionala”, nagusiki inklusio programetan eta aniztasuna tratatzekoetan eta horretarako “beharrezko baliabideez” hornitu behar dira eskolak. Halaber, ikastetxeen antolaketan aldaketak egin behar direnean familiei horren berri eman behar zaie. Metodologiak abian jarri behar dira, ikasleen motibazioa handitzeko, ikaskuntza esanguratsua erdiesteko, ikasleen autonomia sustatzeko eta, orobat, esperimentazioa eta ikerketa bultzatzeko. Ezinbestekoa da hori guztia. Era berean, testuinguru honetan funtsezkoa da irakasleen prestakuntza, familien parte-hartzea haien beharrak zein diren hautemateko, egoerei erantzuteko eremuen eta denboren antolaketa malgutzea, eta familia eta lana uztartzeko beharrak kontuan izatea.
Beraz, hezkuntza komunitateak, bere osotasunean, eta hezkuntzako profesionalek, bereziki, azterketa sakona ezinbestean egin behar dute, etorkizuna eraikitzeko beharko dugun antolaketaren eta pedagogiaren narrazio aldaketari buruz. Lehen arrazoibidea, hauxe. Etorkizunean gehiago izanen dira eta horrek guztiak hausnarketa badarama irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen oinarrizko hiru ardatz hauetara: zer irakasten dugun edo zer irakatsi beharko genukeen; nola irakasten dugun eta, are garrantzitsuagoa dena, zertarako irakatsi behar dugun edo zein den gure hezkuntzaren helburu zehatza. Ebaluazio akademiko soila helburu duen eredua utzi (emaitzak erdiestea, edukiak metatzea eta edukiak memorizatzea) eta beste eredu baterantz abiatu behar dugu, zeinetan ikasleek ikastetxean gaitasunak ikasi eta trebetasunak eskuratuko baitituzte, eta bitarteko sozial eta pertsonaletan gaituko baitira, hori guztia bizitzaren aurreko ezbeharrei aurre egiteko. Ezbairik gabe, jakintza transmititzea eta “irabazpidea ateratzeko” irakastea, eta etengabe aldatzen ari den munduan “bizitza zer den ulertzeko” heztea ere bai. Herritartasuna, bizikidetza, ekitatea, justizia soziala, mundu digitalean txertatzea, emozioak kudeatzea, erresilientzia, hurbiltasun afektiboa edo itxaropena. Hezkuntzaren etorkizuna irabazteko behar ditugun bektoreak.
Manuel Martín Iglesias
Nafarroako Eskola Kontseiluko burua
Sarrera hau egin daiteke: Espainiera