Nafarroako Eskola Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak, bideokonferentzia bidez bilera eginik 2020ko apirilaren 16ko 9:00etan, eta kide guztien parte-hartzearekin, aho batez erabaki du onartzea eta babestea Hezkuntzako Konferentzia Sektorialerako idazki-proposamena, 3. bertsioa, (2020ko apirilaren 14a). Bertan, akordioak zehazten dira 2019-2020 ikasturteko hirugarren hiruhilekoa garatzeko eta 2020-2021 ikasturtea hasteko. Halaber, Nafarroako Hezkuntza kontseilariaren apirilaren 13ko Proposamenaren alde egiten du.

Une zail hauetan erakusten dute jendeak eta erakundeek zein diren beren egiazko balioak, zein beren erantzukizuna eta egokitzeko gaitasuna; eta halaxe erakusten ari da hezkuntza komunitate guztia.
Horregatik, Nafarroako Eskola Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak eskertu egin nahi du hezkuntza komunitateak egiten duen ahalegina ahalik eta hobekien erantzuteko.
Ikasleak dira hezkuntzaren xede: ikasleen garapen pertsonal, sozial eta akademikoa; hortaz, funtsezkoak dira haien inplikazioa eta eginahala. Horrenbestez, beharrezkoa da aitortzea gai izan direla etxean gelditzeko, ikastetxearekin loturik, egoera berrira egokitzen saiatuz, eta ahal bezala erantzun dietela irakasleek bidalitako etxeko lanei eta jarraibideei.
Beti da inportantea familien zeregina, eta honelako egoera zailetan are gehiago, eta gizarte osoak aintzat hartu beharrekoa da hori. Oso zaila da aldi berean hainbat gauza egin behar izatea:pertsona guztiak zaintzea eta, kasu batzuetan, lanean aritzea online eta, beste batzuetan, egoera honek ekarritako lan arloko ziurgabetasuna sufritzea. Hala ere, familiak gai dira beren seme-alabak zaintzeko eta isolamendua jasaten laguntzeko, eta eskolako lanez ardura daitezen laguntzeko.
Irakasleak: egun batetik bestera, jauzi egin behar izan dute irakaskuntza presentzialetik telematikora, eta eginahalez, sormenez eta lan handiz gainditu dituzte zailtasun guztiak, ikasle guztiengana iristeko, bereziki egoerarik ahulenean daudenengana, inor ez dadin atzean gelditu. Lan hori agerian jarri behar da, baloratu, eta eskertu.
Ikastetxeetako zuzendaritza taldeek irakasleen koordinazioari eta zainketari eusten diete; adore ematen diete eta lana errazten, lidergo pedagogikoz, justizia soziala helburu, eta azpimarratuz egoera ahulenean dauden ikasleek behar duten arreta.
Hezkuntza Administrazioko zerbitzuak (Kontseilaritza, zuzendari nagusiak, ikuskaritza, aholkularitza eta Hezkuntza Departamentuko arduradunak), irakasleei laguntzen ari dira, aholkuak eta erraztasunak ematen, erantzun berritzaileekin, ikasle guztiengana irits daitezen, ikasleen ongizatea eta garapena baita hezkuntza sistemaren helburua.
Gizarte guztiaren erantzukizuna da hezkuntza, eta orain inoiz baino gehiago gelditu da agerian; eta erakusten ari gara posible dela. Ez da dudarik: aldi hau bukatutakoan lasai hausnartu beharko dugu nolako ikaskuntza behar duen hezkuntza komunitate guztiak, eta, hala, egindako eginahala ez da alferrik izanen, eta HEZKUNTZA, letra larriz, aterako da irabazle.
Manuel Martín Iglesias
Lehendakaria
Sarrera hau egin daiteke: Espainiera