Ohituraz edo curriculum osoa eman ahal izateko bidaltzen dituzte irakasleek etxerako lanak. Errutina da eskoletan. Beti egin dira, eta jendeak ez ditu zalantzan jarri orain arte. Ikerketek erakutsi dute, ordea, etxerako lanek askotan ez dakartela onurarik. Gainera, batzuetan kalte ere eragin diezaiekete haurrei, gurasoei eta ikaskuntza prozesuari.Eztabaida mahai gainean dagoela uste dute profesionalek.
Etxerako lanen inguruan doktore tesia argitaratu zuen Joxe Amiamak iaz. Denera, hemezortzi ikastetxe, 723 ikasle, 454 familia eta 251 irakasle ikertu zituen, DBHkoak. Ondorio interesgarriak atera zituen: esaterako, ez dago harremanik ikasleek zenbat denbora ematen duten etxerako lanetan eta gero lortzen dituzten emaitza akademikoen, hau da, noten artean. Zergatia azaldu du ikertzaileak: etxean ez duzu irakaslearen sostengua. Zer egin badakiten haurrek, azkar egiten dituzte ariketak, baina ez dakitenak «bueltaka ibiltzen dira, denbora-pasan».
Frantzian eta Ipar Euskal Herrian debekatuta daukate irakasleek Lehen Hezkuntzan etxerako lanak bidaltzea haurrei. Gero, errealitatean, batzuek bidali egiten dituzte, eta guraso batzuek greba egin behar izan zuten 2012. urtean horien aurka. Baina, behintzat, araututa dago han gaia. Arauak daude Belgikan, Ingalaterran eta AEBetan ere. Euskal Herriko Hegoaldean, eskola edo irakasle bakoitzak erabakitzen du. Amiamak argi du: erregulatu egin behar dira, legez.
Lehen Hezkuntzan (6-12 urte arteko umeak), ez da horrenbesteko arazoa, irakasle batek, tutoreak ematen dituelako ikasgai nagusiak. Baina, DBHn (12-16 urte artean), irakasle asko daude, eta horietako bakoitzak ez daki aldamenekoak zenbat etxerako lan bidali dituen eta noizko. Horietan ikaslek egiten dute erregulazioa, Amiamak kontatu duenez. «Gelan matematikako irakasleak astelehenerako etxerako lanak bidaltzen dizkienean, denak protestaka hasten dira Historiako irakasleak beste lan bat bidali dielako». Amiamak dioenez, saihestu egin behar da halako egoera. Irakasleek beraiek antolatu behar dute.
Ohiturarena ezin da izan azalpen bakarra. Zergatik bidaltzen dituzte irakasle modernoek etxerako lanak? Arazoaren iturburura jo du EHUko ikertzaileak: curriculuma oso handia da. Gauza asko sartu dituzte azken urteotan, eta ez dute ia ezer kendu. Irakaslea estu dabil gai guztiak emateko. «Eta orduan zer egiten du? Eskolatik atera material hori. Horregatik egoten da etxerako lan gehiago ikasturtearen amaieran».
Ikertzaileak izan ditu harremanak eskolekin, baina esan duenez, etxerako lanen gaia tabua izan da orain arte, «heriotza bezala». Adimen Emozionalaren eskutik, berriz, heriotzaz hitz egiten hasi dira eskoletan, baina etxerako lanen inguruan isiltasuna izan da nagusi orain arte, eguneroko gaia den arren. Hainbat eskolatan egin dituzte mugimenduak, baina, betiere «eskola ausartetan».
Haurrei etxerako lanak ez bidaltzea erabaki duten eskola «ausart» horietako bat da Donostiako Amara Berri ikastetxe publikoa. «Haize kontra joan gara, pitin bat», esan du Maribi Gorosmendik. «Umeek ez dakite askotan zertarako diren bidaltzen ditugun lan horiek, eta nazkatu egiten ditugu». Denbora asko kentzen diete haurrei lanok, eta arazo iturri izaten dira familian. «Umeek ordu asko pasatzen dituzte eskolan. Gelatik atera eta beste bi ordu egiteko eskatu behar diegu? Planteamendu hori ez dago ondo. Haurrek bizi ere egin behar dute».
Amara Berrin ez dira fundamentalistak, halere: lanak era sistematikoan eta egunero bidaltzearen aurka daude. Ume batzuek beharra dute, arazoak dituztelako. Horiekin plan berezi bat egiten dute.
Hezkuntza mundutik askotan salatu izan da gurasoek irakasleen esku utzi dutela euren haurren hezkuntza. Ez al dute balio etxerako lanek irakasle eta gurasoen arteko zubia eraikitzeko? Gurasoek irakasleen rola jokatzea ez dutela nahi esan du Gorosmendik. Gurasoek ardurak erakutsi behar dizkietela haurrei, bai, baina etxeko ardurak, ez eskolakoak.
Egin klik hemen berri osoa irakurtzeko.
Berrian, 2015/12/4an argitaratuko artikulua.
Sarrera hau egin daiteke: Espainiera